Exposición | Erakusketa > 06/05/2025 > 31/05/2025
ARTEKLETA
Altsasuko Institutua
“Artekleta, bizikletari bide”: jasangarritasuna, artea eta Sakana. Altsasuko Institutuak, hiru kontzeptu horiek uztartu nahi izan ditu “Artekleta”izeneko erakusketa honetan. Jasangarritasuna, erakusketarekin ingurumenaren aldeko aldarrikapena egiten delako, nahiz eta abiapuntua, eskaera zehatz bat ere baden: Altsasu herritik institutura iristeko bidean sortzen diren auto-pilaketei aurre egiteko bizikletaren erabilera proposatzen da, horretarako beharrezkoa izanik bidea konpontzea edo eta bidegorri bat egitea. Artea, aldarrikapen hori sormenaren eta irudimenaren bidez egiteko, Sakanako artistengana jo delako. Artea transformatzialea delako, aldaketen motor. Eta bukatzeko, Sakana. Aldarria barrutik, Sakana bizi, sentitu eta maite duten pertsonek egitea nahi izan delako. Artistek askotan erakutsi dute orokorrean gizartearekiko eta zehazki Sakanarekiko eta bailarako ingurunearekiko konpromisoa. Nor beraiek baino hobe Sakanako beharren enbaxadore izateko eta gure aldarriak lau haizetara zabaltzeko? Erakusketa hau ikusirik konbentzituago gaude hezkuntzatik gauzak aldatu daitezkeela. Konbentzituta etorkizun jasangarriago bat posible dela, konbentzituta sormenaren ahalmen eraldatzaileaz, eta konbentzituta ere Sakana osatzen dugun guztion indarraz.